Autogestioaz elkarbanatu, elkartrukatu...

2011/12/17

Langabeziaren kontra kalera!

Sestaok sekulako arazoa bizi du langabeziarekin. 2.840 pertsona daude lanik gabe, herritarren %23 inguru, Euskal Herrian tasarik handiena duen herria biturtuz. Gazteen artean ia erdia gaude lanik gabe, eta lana topatzen dugunok prekarietaterik gordinena bizi behar dugu. Egoera beltz honen aurrean Herriko zenbait eragile langabetuen asanblada sortu eta asteroko mobilizazioak egiten hasi gara, asteroko kontzentrazio, sinadura bilketa, megafoniak eta manifestazioekin. Sestaoko gazte mugimenduak ere bultzada berezia eman nahi izan dio langile mobilizazio honi.
Oharra:
Sestaok sekulako arazoa bizi du langabeziarekin. Euskal Herrian tasarik altuena duen herria gara, eta gurean 2.840 pertsona daude lanik gabe, herritarren %23 inguru. Hilabetetik hilabetera, gainera, zifra hau hazi eta hazi baino ez da egiten. Lana bilatzen dugun bi gaztetik batek ez dugu lortzen, eta lana topatutakoan ere egoera negargarria da.
Urteetan zehar gure herriko industria handiak ixten joan dira, La Naval pribatizatu zuten eta horren erruz gaur itxiera arriskuan dago. ABB itxi zuten (nahiz eta 30 milioi euroko irabaziak eduki) bere nagusien diru-goseagatik. ACB, Babcock... langileak etengabe kalera bidaltzen dituzte. Guztia hau enpresarien nahien zerbitzura dagoen Espainiar gobernuaren oniritziarekin.
Eta gainera gobernuen partetik gure kontrako eta aberatsen eta burgesen neurrira egindako erreformak. Lehenik lan erreformarekin langileak kaleratzea erraztu zieten enpresariei, galerak aurreikusiz gero aurkezten zituzten EREak ontzat emango zirela onartuz. Gerora pentsioen erreforma, langileoi behin erretiratuta pentsio osoa jasotzeko ia berrogei lan urte eskatzen zizkiguna. Gazteon kasuan, lan kontratuen %95a aldi-batekoa izanda, ezinezko ametsa, eta beraz, zahartzaro prekariorako kondena.
Eta azkeneko erreforma, esklabutzaren aurreko azkena, PSOEk iluntasunez hauteskunde bezperan onartutakoa. "Praktikako kontratua" bezala ezagutu dena, baina funtsean aprendizaren figura berreskuratzen duena, 18 eta 25 urte arteko gazteak 426€ko miseriazko ordainsarira kondenatzen gaituena, pobreziaren mugaren oso azpitik, eta izugarrizko eskubide faltarekin; eskubide sozial, laboral eta soldata-eskubiderik gabe, oporretarako eskubiderik gabe, lan jardunaldi maximorik gabe, kaleratzeagatik indemnizaziorik ez, jairik gabe, eszedentziarik gabe, formaziorik gabe… eta kontraturik ez dagoenez, lan baldintzak patroiak nahi bezala aldatuak.
Muturreko prekarietate eta esklabutza hutsa!
"Krisitik irteteko" omen dira neurri guztiok, gerrikoa estutu behar dugula eta. Baina jakin nahiko genuke nor irtengo den eta zein krisitik. Langileak gero eta pobreago bihurtzen gaituzte, aberatsak (inoiz krisirik pairatu ez dutenak) gero eta aberatsago izatea lortuz. Herritarrei behar sozialetarako dirurik ez dagoela esan eta banketxeei milioi askoko erreskateez laguntzen zaien bitartean. Gure eskualdea desberdintasun hauen adibide garbia da, Ezkerraldean 43.643 etxetan bizi dira pobrezia egoeran, mundu osoko aberatsak gero eta aberatsagoak diren eta enpresariek gure industria eta lanpostuak nahi eran suntsitzen dituzten bitartean.
Gazteok etorkizun beltza dugu, bai, baina guretzako etorkizun beltza marrazten utzi diegulako. Horregatik da garrantzitsua egoera aldatzea; altxatu eta erantzutea. Herriz herri, auzoz auzo, herritarrok, gazteok, pentsionistok, emakumeok, prekariook, etorkinok... kalera irten behar dugu! Herritarren uholdeak neurri antisozialekin gu itotzea helburu dutenen gainetik pasa behar du. Denon artean lortuko dugu egoerari buelta ematea. Arrazoiak sobera ditugu eta asko dugu irabazteko.
Gure eskubideen alde, goazen kalera, langile borrokara!