Autogestioaz elkarbanatu, elkartrukatu...

2011/05/04

Krisiaren inguruan kontzientzia astintzeko ekimena burutu du Sestaoko Gazte Asanbladak

Pasadan apirilaren 30ean, maiatzaren lehenengoaren bezperan kalera atera zen Sestaoko gazte asanblada, Manuel Andres kalean (’la pela’) ekimena eginez. “Honako hau krisia ordaintzen ari da” lemadun kartelek ispilu bat seinalatzen zuten, eta herritarrek beren burua ikusten zuten islatuta. Ekimenarekin ehunka eskuorri banatu ziren jendearen artean, krisiaren aurrean antolatuta egotearen eta aktiboki parte hartzearen garrantzia azpimarratuz eta maiatzaren bateko ekimenetan parte hartzera deituz.




Hona ekimenean banatutako eskuorriko testua:

ZU ARI ZARA KRISIA ORDAINTZEN

Izan ere, jada egiten ari zara. Eta ez gaude krisi egoeran dirua falta delako, aberatsak gero eta aberatsagoak direlako eta pobreak gero eta pobreagoak garelako baizik. Adibide bat jarriko dizuegu: Mundu osoan 1.210 pertsonek biltzen dute mila milioi dolarretik gorako dirutza, guztien horien artean neurriz kanpoko zifretara heltzen direlarik: 4.5 bilioi dolar. Iaz baino %25 aberatsagoak.

Balantzaren beste aldean, berriz, langileok gaude, herritarren gehiengoa alegia, prekarietaterik gordinena jasaten dugunak. Sestaon 2.894 pertsona dira langabezian daudenak (herritarren %22a baino gehiago), eta gazteen artean %40a baino gehiagokoa da. Lan egitea lortzen dutenen artean egoera ez da askoz hobea; prekarietatea, ebentualtasuna eta horrek dakarren ezegonkortasun laborala dira gure egunerokoa. Azken erreforma laboralarekin, gainera, egoerak txarrera baino ez du egin: Pentsio duin bat jasotzeko 38,5 urte eman beharko ditugu lanean eta kotizatzen, eta zenbaki horretara iristen ez bagara, 67 urterekin jubilatu beharko dugu, bizitza osorako pentsioan murrizketak jasanez.

Horretaz ari ginen, nahiz eta ez dugun krisia sortu, gu gara ordaintzen ari garenak. Egoera honek, gainera, ardura politikoez haratago, ustegabeko laguntzaile bat du: herritarren desmobilizazioa.

Horregatik dei bikoitza egin nahi dizugu:

Antolatzera. Gure eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoak ez lirateke emango edo eman ezkero ez lukete horrelako indarrik erantzuna irmoa eta gogorra balitz. Sindikalizatu, antolatu eta batez ere borrokatu errealitatea aldatzeko. Inork ez dizu ezer oparituko, eskubideak soilik borrokatuz lortzen dira.

Aktiboki parte hartu, bai kalean eta baita lanpostuan ere. Garaia da behingoz justua ez denaz kexatzetik, justua denagatik borrokatzera pasatzeko. Animo!


Info+: sestaokogazteasanblada.org


http://topatu.info