Autogestioaz elkarbanatu, elkartrukatu...

2011/04/03

Errepresioaren inguruan harituko dira HERNANIKO KONTRAKANTXA GAZTETXEAN

 Gaztetxeko kideen mezua:

Ikatza kolektiboak Apirila guztirako Errepresioa eta gartzelari buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditugu.
Estatuek helburu ezberdinen baitan erabiltzen dituzte mekanismo hauek, besteak beste, biolentziaren erabileraren monopolioa izateko, legeen bitartez jazarritako ordena mantentzeko, izuaren bidez gizartea kontrolpean mantentzeko, etb. Estatuek, kapitalismoaren beso politiko-armatuek, mekanismo errepresiboak martxan dituzte, gizarteari jazarriz, eta aurkakotasun adierazpen oro gogor kolpatuaz. Jardunaldi hauetan izaera politiko honetan zentratzea dugu xede, hau da, nola Estatuak gartzela eta errepresioa erabiltzen dituen helburu politikoak lortzearren.
Errepresioak hartzen dituen aupegi ezberdinak aztertuko ditugu, sistema bakar baten baitan dauden gai ezberdinei buruz hitzeginez.

  • Apirilak 5, asteartea: “Ejercitos en las calles” liburu aurkezpena, NATO-ren “Urban Operations in the year 2020” txostenaren inguruko gaiei buruz hitz egingo digu liburuaren egileak, gizarte okzidentaletako militarizazio hazkuntzari buruz, alegia.
  • Apirilak 7, osteguna: “Emakumea eta Gartzela”-ri buruzko hitzaldia, Larraitz Ugarte abokatuaren eskutik. Preso dagoen populazioaren %10 baino gutxiago dira emakumeak. Zer gertatzen da emakume espetxetan eta emakumeentzako moduloetan? Hitzaldi honen bidez errealitate honetara gerturatuko gara. Urrutirago joan beharra, emakume preso politiko euskaldunen egoera berezia, amatasunarekin lotuta dauden konplikazio larriak, emakumea subjektu pasibo bat delaren sinismenak dakarrena, etab. aztertuko da. Honez gain, emakume preso politiko ohi batek bere bizipenak azalduko dizkigu, emakume eta preso politiko izateak dakarrena plazaratuz.
  • Apirilak 13, asteazkena: “Preso sozialak” hitzaldia, Arrats Elkatearen eskutik. Ezin dugu ahaztu, pertsona ugari daudela gartzeletan, preso politiko bezala definitzen ez badira ere, politika zehatz batzuen baitan ematen den errepresioaren eraginak ere jasotzen dituztela. Beraz esan dezakegu, preso sozialak ere beste gatazka ezberdinetan kokatzen diren preso politikoak direla.
  • Apirilak 20, asteazkena: “Zubietako Makrokartzela”-ri buruzko hitzaldia. Estatu Espainolak, Europan preso gehiena dituenak, badirudi ez duela asmorik bere espetxe politika bortitzaren joera aldatzeko, Euskal Herrian 3 makrokartzela eraiki nahi dituelarik. Hauek bersozializazio aitzakiaren azpian, interes politiko eta ekonomikoen erantzule besterik ez dira. Zubietan eraiki nahian dabiltzan makrokartzelari buruz arituko gara, beste proiketu txikitzaileak gogor zigortzen duten herria dela ahaztu gabe.
  • Apirilak 25, osteguna: “Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) historia”-ri buruzko hitzaldia euskal preso politiko ohi baten eskutik. Euskal Herria, errepresioak eta kartzelak gogor zigortutako herria dugu, aske izan nahiagatik. Estatu espainol eta frantsesak mekanismo hauek erabili dituzte borrokalariak eta hauen inguruak azpiratzeko, errepresaliatuek haien antolaketa eta haien eskubideen defentsa beharrezkotzat ikusi dutelarik. Hitzaldian, kolektibo honen historia, garapena eta egungo egoera ikusiko ditugu.
HITZALDI GUZTIAK 19.30ETAN IZANGO DIRA HERNANIKO KONTRAKANTXA GAZTETXEAN (EMAKUMEA ETA GARTZELA IZAN EZIK, 19.00 HASIKO DA)