Autogestioaz elkarbanatu, elkartrukatu...

2011/12/19

Gaztetxe baten beharra aldarrikatu dute Hondarribian

http://topatu.info/blog/2011/12/18/gaztetxe-baten-beharra-aldarrikatu-dute-hondarrian/

Gaztetxe baten beharra aldarrikatu dute Hondarribian

2011, Abenduak 18
Hondarribiko Gazte Asanbladak gaztetxe baten beharra aldarrikatu du. Horretarako, jende andana batu duen prentsaurrekoaz gain, Hondarribiko alkatearekin bildu dira aukera posibleak aztertzeko.
Hondarribiko Gazte Asanbladaren oharra:

Eguerdion Zuloaga Etxera hurbildu zareten alderdi, herritar zein hedabide sozial guztiei. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu aretoak itxura ezin hobea duelako.
Bigarrenik, prentsaurrekoa burutzeko deialdiaren arrazoiak azalduko dizkizuegu. Gazte Asanbladak azken hilabeteetan herriari buruzko hausnarketa egin du, bertako koadrila ezberdinengana hurbildu eta gazteon ikuspuntuak jasoaz; eta ondorio batzuk atera ditu.
Batetik, gazteon arteko harremanei dagokienez, konturatu gara Hondarribiko gazte-koadrilak sakabanatuta bizi garela eta gure artean ez dugula erlazio handirik, bakoitza norbere lokal eta txokoetan biltzera mugatzen garelarik, eta honek ez du herri giroaren alde egiten. Gainera, pasibotasunerako eta konformismorako joera, eta gazteoi zuzenean eragiten diguten gaiak kolektibo bezala lantzeko ezintasuna eragiten digu.
Bestetik, aisialdirako, kirolaz gain, ez dago gazteentzako eskaintza handirik. Herriak jai giroan bizitzeko ekimenak eskaintzen ditu. Jai hauek beharrezkotzat jotzen ditugu baina ez dira eraginkorrak erlazionatzeko tresna moduan.
Azkenik, lan eskaintza exkaxa eta etxebizitzen salneurri garestiak direla eta, bertan bizitzea eta lan egitea ezinezkoa dela jabetu gara, gazteak beste herrietara joatea eraginez. Arazo hauek indarrean dagoen gizarte-ereduaren ondorio direla ulertzen dugu eta egoera hau aldatzeko baldintzak sortu nahi ditugu, horretarako, Gaztetxea erreminta garrantzitsutzat kontsideratuz.
Baina zergatik gaztetxea?
Gaztetxearekin koadrilen arteko eta, orokorrean, herritarren arteko sozializazioa bilatzen dugu. Gazteok tailer, hitzaldi, lan eta ekimenetan parte hartuz, elkar erlazionatu eta ezagutuz, belaunaldi ezberdinen bizipenak konpartituz, gure ilusioak gure eskuz gauzatzen ahaleginduz, hanka sartuz noski, baina baita ere ekinean asmatuz, auzolana bultzatuz eta denon artean erabakiak adostuz, oro har, elkarbizitzaren esperientzian heziz eta aberastuz, gizarte zintzoago baten eraikuntzan aurrerapausoak ematea bilatzen dugu.
Ez dugu gure heziketarako esparruak gainbegiratuko dituen instituziorik behar, ezta gure aisia kudeatuko duen azpikontratarik ere. Gure kabuz pentsatzeko gai gara, eta, irudimenari eta sormenari eraginez eta autogestioaren ereduan oinarrituz, gure ametsak egi bihurtzeko gauza ere bagara.
Horrenbestez, gazteak ere herritarrak garenez, udalari gure nahi eta beharrak asetzeko konprometitu dadin eskatzen diogu, gure amets eta proiektuak gauzatzeko leku egoki bat erraztuz. Hau denon artean kudeatutakoa izan beharko luke. Honek babesa duela ziurtatzeko eta erakusteko sinadura bilketari ekin genion eta dagoeneko 1012 lortu ditugu.
Atzo abenduak 16, herriko alkatea den Aitor Kerejetarekin zita genuen, Hondarribian Gaztetxe baten beharra helarazteko. Bilera honetan alkateaz gain, bi zinegotzi eta gazteriako teknikari batekin bildu gara. Proiektuari buruz hitz egiterakoan alkateak zilegitzat jo du. Proiektua gauzatzeko leku posibleak aztertu ditugu eta baten bat baliagarria izan daitekeela ikusi dugu. Lekua konpartitua izango litzakeela esan digute. Udaletxearen erantzun hau aztertzeko eztabaida eta hausnarketa prozesu bati ekingo diogu guztion artean zer egin adosteko. Beraz, hemendik aurrera asanbladak egingo ditugu.
Parte hartu Hondarribian gaztetxea sortzen!