Autogestioaz elkarbanatu, elkartrukatu...

2011/03/29

Kontzentrazioa Sestaon

2.894 langabetu Sestaon, gazteen artean %40a. Prekarietatea, ebentualitatea eta ezegonkortasun laborala dira gure eguneroko ogia, eta azkeneko erreformek dena okerragotu baino ez dute egin. Egoera beltz honen aurrean inoiz baino beharrezkoagoa da erantzun irmo eta sendoa ematea eta antolaturik egotea. Hori dela eta martxoaren 31n arratsaldeko 20:00etan udaletxeko eskaileretan lana eta aberastasunaren banaketaren alde eta prekarietatearen kontrako kontzentrazioa deitu du gazte asanbladak.

Oharra:

Krisi madarikatua. Krisiaz hitz egiten diguten bakoitzean badakigu gu garela ordaintzen dugunak. Eta ez gaude krisi egoeran dirua falta delako, aberatsak gero eta aberatsagoak direlako eta pobreak gero eta pobreagoak garelako baizik. Egoera honi esker batzuen eta besteen arteko aldea gero eta handiagoa da eta ezagutzen dugun egoera bat-batean aldatzen da; horra krisia. Adibide bat jarriko dizuegu: Mundu osoan 1.210 pertsonatik gora biltzen dute mila miloi dolarretik gorako dirutza, guztien horien artean neurriz kanpoko zifretara heltzen direlarik: 4.5 biloi dolar. Iaz baino %25 aberatsagoak.

Balantzaren bestaldean, berriz, langileak gaude, herritarren gehiengoa alegia, prekarietaterik gordinena jasaten dugunak. Sestaon 2.894 pertsona dira langabezian daudenak (herritarren %20 aspaldi pasata), eta gazteen artean %40a baino gehiagokoa da. Lan egitea lortzen dutenen artean egoera ez da askoz hobea; prekarietatea, ebentualtasun horrek dakarren ezegonkortasun laborala dira gure egunerokoa. Azken erreforma laboralarekin, gainera, egoerak txarrera baino ez du egin: Pentsio duin bat jasotzeko 38,5 urte eman beharko ditugu lanean eta kotizatzen, eta zenbaki horretara iristen ez bagara, 67 urterekin jubilatu beharko dugu, bizitza osorako pentsioan murrizketak jasanez.

Nahiz eta agian momentu honetan ez den zure ardura nagusiena, lehenago edo beranduago izango da. Iritsiko da zure bizitza propioa egin nahiko duzun eguna, familia bat izan, independizatu edo pentsio baten onuraduna izan, eta momentu hartan jasan beharko dituzu zailtasun eta gabezia guztiak. Zure etorkizuna da, guztion Etorkizuna ere bai, baina oraina ere bada, begien aurrean dugun egunerokoa.

Horregatik dei bikoitz bat egin nahi dizugu:
 - Antolatzera. Gure eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoak ez lirateke emango edo eman ezean ez lukete horrelako indarrik erantzuna irmoa eta gogorra balitz. Aukeratu zure trintxera, sindikalizatu, antolatu eta batez ere borrokatu. Inork ez dizu ezer oparituko, eskubideak soilik borrokatuz lortzen dira.
 - Aktiboki parte hartu, bai kalean eta baita lanpostuan ere. Garaia da behingoz justua ez denaz kexatzetik, justua denagatik borrokatzera pasatzeko. Animo!

Azkenik, Sestaoko Gazte Asanbladak gonbidapen bat luzatu nahi dizue, martxoaren 31n arratsaldeko 20:00etan udaletxe eskaileretan antolatu dugun mobilizazioan parte hartzera. Sigla eta ideien gainetik, zintzoki espero dugu zuen parte hartzea.